Kuskoa Bi

Kuskoa bi kadira eroso eta inguratzaile izan zedin nahi genuen. Horretarako kusko ahur bat hautatu dugu, plastikorik gabekoa.

Kooperatibaren baloreekin bat eginez, garapen iraunkorra gogoan atxikiz, bioplastikozko kadira bat eraiki dugu. Industrian, bereziki autoen arloan, bilaketak eremanak izan dira bioplastikoari buruz.

Kuskoa Bi – Alki

Ikerketa lan sakon baten ondotik, ekai berri baten hautatzea erabaki dugu, hain xuxen bioplastikoa. Altzarietan lehen aldiz aplikatu den jatorri biologikozko polimeroa da Kuskoa Bi.n egin duguna.

Albeo

Albeo Retegui marmolaren artisautzan espezializatutako markarekin diseinatutako mahaia da. Barrualdeetarako zein kanpoaldeetarako diseinatutako mahaia, bi material konbinatuz: batetik, marmolezko harria, enpresak aukeratutako materiala eta, bestetik, hormigoi mota berezi bat. Hormigoi moldekatuko egitura eskuz marraztutako erle-habi sareta bat jarraituz eraikia izan da.

Hormigoiarentzat, UHPFRC erabiltzen dugu, arkitekturan argi-eraikuntza independenteetarako erabiltzen den hormigoi mota bat, errefortzu metalikorik ez duena behar. Errendimendu handiko hormigoia da, zuntzarekin sendotzen dena.

Hormigoizko konposatu guztien osagaietako bat harea da. Reteguik mekanizazio-lantegiko prozesu guztietan sortutako marmol-hautsa jasotzen du, eta UHPFRC konposatuan erantsiz birziklatzeko gai da.

Albeo – Retegui

Hormigoi moldekatuko egitura eskuz marraztutako erle-habi sareta bat jarraituz eraikia izan da. Saretak arintasuna eta sendotasuna ematen dio mahaiari, eta marmol mehe eta nahiko geometrikoko mahaiaren euskarri gisa balio du.

Hormigoizko hankak mahai azpiko albeoloen arkitekturan sartzen dira, planoa garraiatu ahal izateko. Hiru hormigoi-tonu harmonizatzen dira bildumarako hautatutako harri naturalekin.

Estudioa

Iratzoki estudioak Iratzoki Adrienen zurgintza lantoki zaharra berriztatu du, bere bulego berria bertan kokatzeko. Eraikinaren izaera errespetu handiz zainduz, 20 metro baino gehiagoko altzari luze bakar batek egituratzen du espazioa.

Lan eremua eta atseden-gunearen arteko igarobideak definitzen ditu.

Ateliera – Iratzoki

Energia-berritze diskretu eta eraginkor batek tailerraren espiritua gordetzeko aukera ematen du, lekua aldi berean bero eta atsegin bihurtuz.

Zeharkako argiek eta gortina luzeek atmosfera leun bat sortzen dute. Kanpoaldea landarez hornitu da; gliziniak eta huntz ostoak eraikina estaltzen hasi dira…

Lan

Lan proiektua desafio batetik abiatu da: ergonomiako kodeak errespetatuz, bulegoko kadira baten asmatzea, Alkiren unibertsoarekin bat eginez objektuen berotasuna eta horientzat dugun atxikimenduaren bidez.

Ohartu ginen bulegoko kadirek estimo gero eta guttiago pizten zutela, heien estetika kodeek laneko lagun bat baino gehiago tresna ortopediko bat bezala hartuak zirela. Gainera egokitzeak ez dira usu erabiltzen.

Lan – Alki

Kadira honek dituen berezitasunak diskretoak gelditzen dira : mekanismoa jarlekuaren azpian gordetzen da eta besoak bizkarrari lotuak dira. Itxura, kontakto guneak eta materialen hautaketak zainduak izan dira, objektu eroso eta atsegingarria izan dadin.

Morfologi guzientzat egina da Lan kadira, mekanismoa jartzen denaren pisuaren arabera egokitzen baita. Bizkarra hiru postura desberdinetan ezar daiteke, biraketa mugimendu askatasun handi bat eskainiz.

Luze

Luze, osagai kopuru murriztu batetik abiatutako Didheyarentzat diseinatua den banku bilduma da. Osagai horien konbinazioak konfigurazio ugari garatzeko aukera ematen du, banakako bankutik hiri-espazioa egituratzeko gai diren antolamendu konplexuagoetara. Bertan eser daiteke, bizkarra eman, aurrez aurre jarri edo, besterik gabe, zutik barraren kontra egon.

Luze – Didheya

Luze bi materialen arteko elkarketatik sortzen da: altzairu herdoilgaitza eta hormigoia. Hemen aurkeztutako maketek instalazio-logikak, erabilerak eta espazio publikoan partekatzeko moduak hobeto ulertzeko aukera ematen dute. Inoxa tokiko harri batekin ere konbina daiteke, tokiko material bat ekoizteko eta balioan jartzeko aukera emanez.

Begira

Begira izena jarri diogu ispilu bilduma honi. Begira, behatu esan nahi du, baina baita zaindu edo babestu. Ispiluaren aintzinean norbere burua babesteko aukera…
­
Sakontasuna eta intimitatearen sentsazioa sortzen dute mirailaren zutabe biribilek. Horrez gain, plataforma horizontalek objektu txiki bat pausatu eta haren isla behatzeko aukera ematen dute.

Begira – Alki

Hiru dimentsio ezberdineko bilduma, miraila txiki hertsitik, ispilu bertikal handira. Hamar bat kolore desberdin aplikatzen dira haritzezko zuraren gainean.
­
Guretako plazer bat Alki-rentzat produktu osagarriak asmatzea, giro goxo bat garatzen segituz.

Ildo

Denak desberdinak, baina ahaidetasun argi batekin… Ildo bilduma beharren arabera tolesten den lerro paraleloen trama baten gainean eraiki da. Bandak kurbatzen dira eta silueta osagarriak dituzten formak sortzen, paisaia bizi bat osatuz trama grafiko baten gainean.

Oso lan konplexua izan da, sinplea izan nahi duen ideia baten inguruan. Garapen-prozesu osoan zehar, lerroen eta bolumenen arteko oreka bilatu dugu, fintasunaren eta erosotasunaren artekoa.

Ildo – Sokoa

Bilduma hau benetako erronka teknikoa izan da, eta diseinatzaile, molde-egile eta tapizatzaileen arteko talde-lan luzea eskatu du.

Diseinua: Iratzoki & Lizaso

Kea

Nahiz eta zura lehenetsia den Kea bilduman, burdin landuarekin agertzen da hemen.

Eskuz landutako burdina, zuraren inguruan bertan kokatzen da. Atzo eta gaur arteko lotura azpimarratu nahi izan dugu, zurari beste material bat integratuz, burdina eta aroztegiko lana hain xuxen.

Kea – Alki

Nafarroan dira landuak metalezko pieza hauek.

Bistro

Marmolezko ostatuetako mahaia XIX. mendeko kafetegi eta ostatuen klasiko bat da. Berrinterpretazio lan honetan, Jean Louis Iratzokik arreta berezia jarri zuen marmolaren eta metalaren arteko kolore-harremanetan, baita oinarriaren azken hunkituetan ere.

Bistro – Retegui

Bistrok marmolezko gain arindua du, eta bertsio finkoan edo plegatuan eskaintzen da. Mahai hauek barrualdean zein kanpoaldean erabil daitezke.

M&O Standa 2016

Alkiren zuzendaritza artistikoaren eremuan, markaren espiritua gorpuzteko gai zen espazio bat irudikatu dugu. Etorkizuneko azoketan berrerabili eta egokitu zitekeen stand sistema bat.
Funtsezko topagune bat sinbolizatzen duen dispositibo bat eraiki dugu: herriko plaza.

M&O 2016 – Alki

Ikuspegi arkitektoniko honek Alkiren elkarbizitza eta aniztasun espiritua erakusten du. Plazaren ideia jarraituz, multzo modular bat, haren inguruan giro desberdinak adieraz daitezen.